XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mugimendu feminista Bigarren Mundu Gerraren ondoren

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, feminismoa desagertua zela zirudienean, mugimendua suspertu egin zen, demokrazia burgesen balio-krisien ondorioz.

Hirurogeiko hamarkadan, baztertuen mugimenduak sortu ziren estatu kapitalista aurreratuetan eta beren deiadarra entzunarazi zuten beltzak, bakezaleak, ikasleak...

Emakumezko-mugimendua ere marko horretan bertan sartu zen, emakumeari esleitzen zitzaion papera aldatu nahian.

Idazlan teoriko garrantzitsuak sortu ziren; horien artean, Simone Beauvoirkoarena eta Betty Friedanena. Simone Beauvoirkoaren Bigarren sexua (1949) deitu liburuak, emakumezkoa Historian gizonezkoarekiko bestea, bigarren sexua bailitzan izatearen zergatiak aztertu zituen.

Egileak, subjektu libreen arteko berdintasunaren barruan diferentziak eta aldeak izatea defendatu zuen.

Betty Friedanen Feminitatearen mistika (1963) liburuak, berriz, etxearen esklabotasuna eta estatubatuar emakumearen isolamendua salatu zituen;

izan ere, bere ustez, etxean sartuta bizi baitzen emakumea, aurrerapen eta erosotasun modernoz inguratuta bai, baina askatasun gehiago izan ordez, erosotasun horiekiko lehen baino gehiago kateatuta.

Mugimendu feminista indartsu birsortu zen hirurogeiko hamarkadaren amaieran

Feminismoaren beste teorizatzaile garrantzitsu bat Betty Friedan (irudian) izan zen.

1966an National Organization for Women (NOW) eratu zuen.

Bere Feminitatearen mistika izeneko idazlanean (1963), gerra ondorengo emakumeen arazoak eta jasaten zuten egoera alienagarria planteatu zituen.

Emakumeak, bere ustez, erosotasunez beteriko etxebizitzan sartuta bizi ziren, isolatuak eta esklabo bihurturik.

Erradikalagoa eta gogorragoa izan zen Kate Milleten pentsamoldea eta Sexu-politika (1970) izeneko bere liburuan patriarkatua definitu zuen.